| Feminismoaren ibilia |
|
|
|
| Herrigintza |
|
Emakume eta gizonen arteko parekidetasunaren aldeko ibilbidea luzea da. Azpeitian. Jendarte mailan egiteko zegoen lanaren beharra indarrez azaleratzen zen, borrokaren abiapuntu ber-beretik. Beste garai batzuk ziren, baina gogo beretsuak mugitzen gintuen. Jendartean parte-hartzeak gure aldarrikapenak egi bihurtzeko bidean jar zitzazkeela sinesten genuen, eta bide horretatik ekin genion: diskriminazioaren arrazoiak azalerazi eta salaketen bitartez eztabaida puntuan jartzen ziren; eta, nola ez, erakunde publikoen gaiarekiko arduragabetasunaz arduratuta, parekidetasunaren aldeko eskakizun sozialak bultzatzen ziren.
Emakumeen ahotsa kalean izatea garrantzitsua zen. Diskriminazio egoeren salaketa eta eztabaida guztion ahotan egon behar zuen . Emakumeak bigarren mailako gizartekideak ote ginen ba, geure etxean edo geure herriko kaleetan erasotuak izateko? Lanean horrela diskriminatuak izan eta soldata txikiagoenpean egoteko? Seme-alaben hezkuntza eta hazkuntza soilik gure bizkar erortzeko? Gure behar sozial, kultural eta politikoak ordezkatu gabe egoteko? Sexuaren araberako hezkuntza batenpean zapalduak izateko?
Emakumeen ahotsa kalean zegoen, egun asko, egun ugaritan, urtero berriak bihurtzen ziren egunetan: martxoak 8, maiatzak 1, ekainak 28, azaroak 25. Kanpaina asko, kanpaina ugariak, urtero berriak bihurtzen ziren kanpainetan: eraso sexisten aurkakoak, emakumeei zuzenduriko osasun eskaintza osatuago baten aldekoak, jostailu sexisten aurkakoak, festak-jaiak-ospatze egunak guztionak izatearen aldekoak, etabar luze bat. Asko, ugari, etengabea... lana. Aldeko eta kontrako aldarrikapenak, denak, gure jendartea gero eta elementu parekide gehiagoz osatzeko, gero eta jendarte orekatuagoa izateko.
Elkartasuna eta elkar-lana ere gure identitatearen zati izan dira: hor dago Emakumeen Mundu Martxa, munduko emakumeen lan amankomuna eta elkartasunaren adierazpide. Eta hortxe ere, Urola-kostako Emakume Feministen Koordinadora, elkarrekin hainbat lan garatu ditzazkegula garbi adierazten duen mugimendua.
Eta horrela, lana egin, bildu, eztabaidatu eta parte-hartzeko guneen eskaerak behin eta berriz luzatu ziren. Eta lanaren ondorioz, Emakumeen Udal Mahaia sortu, eta Damaso Azkueko lokala prestatu ziren, adibidez; edota, eraso-sexisten aurkako protokolo txukun baten eskaera hainbatetan egin zen (honen inguruko eskaera babesten zuten 1.500 herritarren sinadura bilduz); eta, ezinbestean, guzti hori gestionatuko lukeen teknikari baten beharra aldarrikatu zen etenik gabe.
Legegintzaldi honen hasieran, ezker abertzalea udal gobernuan sartzearekin batera, ordurarte herri mugimendutik egindako lan eta aldarrikapenak aintzakotzat hartzeko unea iritsi zela garbi ikusi genun. Instituzioetatik egiten den aurpegi garbitzea alde batera utzi eta benetako konpromisoei eusteko momentua zen. Udaletik parekidetasunaren aldeko borrokan bitartekoak jartzen hasi ginen. Azpeitiko emakume taldeak urteetan aldarrikatutako parekidetasun saila sortzea erabaki genuen eta berau kudeatzeko teknikari baten kontratazioa martxan jarri genuen. Orduan ereindako haziak bere fruituak eman zituen, hezkuntza arloan hezkidetza lantzeko proeiktu bat martxan dago, ikastetxe eta herritarrekin lan egiten duelarik, gipuzkoako jabetze eskolen sarean sartzea lortu dugu, emakumeen ahalduntzea bultzatzeko hainbat ikastaro bideratuko dituelarik gure herrira, emakumeekiko indarkeri sexistari aurre egiteko protokolo bat martxan jarriko da, Azpeitiko emakume eta gizonen egoera sozioekonomiko eta kulturalaren diagnostiko bat egin da, dauden hutsuneak detektatu eta honen araberako berdintasun plan bat diseinatuz, eta emakumeentzat erreferente izango den lokal bat prestatuko da herriaren erdigunean ikastaroak egin, informazioa jaso eta hainbat ekimen aurrera ateraz emakumeen arteko elkarlana eta komunikazioa indartzeko.
Gaur egun, guzti hori martxan dugu urteetako jarduera eta eskaeren ondotik. Pixkanaka herrian parekidetasunaren oinarriak jartzen ari gara, baina, beste behin ere esan beharrean gaude, oraindik asko dagoela egiteko. Lehendik ere ezagutu ditugu Azpeitian udaletxeko kaxoietan galdu diren berdintasun planak, eta badakigu azaroak 25 eta martxoak 8an hitz ponpoxoz betetako mozioak onartu arren eguneroko jardueretan konpromisoak non gelditzen diren. Udaletxeko web orrian aurkitu dezakezue emakume eta gizonen egoera aztertzen duen diagnostikoa, bertan hainbat ondorio ateratzen dira baina nagusiki itxurazko berdintasun faltsu batean bizi garela ondorioztatu dezakegu; oraindik emakumeen parte hartze sozial, kultural, eta politikoa mugatuta dago, erabaki guneetan oso presentzia baxua dute, etxeko eta zaintza lanak euren bizkar erortzen dira, prekarietateak eurengan du eraginik handiena, lan mundua ez dago emakumeen errealitatera egokitua, zerbitzuen gabezia handia dago eta emakumeekiko indarkeria ez da desagertzen…
Instituzioek euren tresnak herritarren zerbitzura jartzeko betebeharra dutela ulertzen dugu, udala bitarteko bat dela herritarren ongizatea bermatzeko. Herritarren erdia emakumez osatua egonik, gure beharrak aintzakotzat hartu eta parekidetasun baterako bidea irekitzen jarraitzeko hitzetatik haratago doazen konpromisoak hartzea ezinbestekoa da. Herri mugimendutik eta instituzioetatik egin beharreko lana handia eta luzea da, urrats batzuk ematen ari garen arren adi egon behar dugu atzera pausorik ez egoteko eta urratzen ari garen bideari jarraitzeko.
|










Emakume eta gizonezkoen arteko berdintasunerako bideakkaletik instituzioetara salto egitea lortu du azken urteotan. Baina borroka ez da amaitu; oraindik asko dago egiteko.






